BRIZUELA, SANZ ETA BERAZA: EASON HASITAKO HIRU BIDE
Euroligako Bartzelonatik Liga Endesako Lleidara eta Lehen FEBeko Palmara, Easo Basketen hasitako hiru jokalariak, Donostiako harrobiaren izena Espainiako saskibaloiaren goi mailara eraman dute. Horietako bi, gainera, Espainiako selekzio nagusiarekin izango dira hilabete honetan.
2017ko udan, Mikel Sanz eta Xabi Beraza Gipuzkoa Basketen aurredenboraldian sartu ziren, Easoko jokalari bezela. Denboraldi hortan, biak debutatu zuten eta lehen puntuak lortu zituzten Liga Endesan. Ordurako, Darío Brizuelak, bere lekua egina zuen ACBn Estudiantesekin. Ia hamarkada bat geroago, haien ibilbideak norabide desberdinak hartu dituzte, eta hirurak oraindik ere zerbait kontatzen dute hazi ziren harrobiaz.
Darío Brizuela da ibilbide hori urrunen eraman duena. Espainiako junior txapelketa jokatu zuen Easorekin, Estudiantesera egin zuen jauzi eta Unicajatik igaro zen Bartzelonara iritsi aurretik; harekin Liga Endesan eta Euroligan lehiatzen da. 2022an Europako txapeldun izan zen Espainiako selekzioarekin. Donostian hasitako jokalariak urrezko domina ospatu zuen Espainiarekin. Denboraldi honetan 11,9 puntu egiten ditu batez beste Liga Endesan, 19 minututan, eta hirukoetan % 42,9ko portzentaia du.

Mikel Sanzek beste bide batetik irabazi du bere lekua ACBn. Easotik, EBA Ligan, Iraurgira joan zen, eta FEBeko kategorietako hainbat taldetatik igaro ondoren, Oviedotik Força Lleidara iritsi zen. Kataluniako klubak 2028ra arte berritu du bere kontratua, eta urrian hegalekoak hiru partida bikain jarraian egin zituen Liga Endesan: 15 puntu eta 6 errebote Obradoiroren aurka, 18 puntu Casademont Zaragozaren aurka eta 10 puntu eta 5 errebote Real Madrilen aurka. Zortzi jardunaldiren ondoren, 9,9 puntu eta 3,4 errebote egiten ditu batez beste, eta hirukoetan % 58,8ko asmatze portzentailarekin, ligako jaurtitzaile onenetako bat da.
Xabi Berazak goiz ezagutu zuen Liga Endesa Gipuzkoa Basketekin, eta urte batzuk geroago Fibwi Mallorca Bàsquet Palma Lehen FEBera igo zuen. Gaur egun Mallorcako taldeko kapitaina da, eta iraupen luzeko lesio baten ondoren berriro lehiatzeko lanean ari da. Bere ibilbideak saskibaloi profesionalean karrera batek eskatzen duenaz ere hitz egiten du: gaztetan bidea irekitzetik aldagela baten lidergoa hartzera eta errekuperazio luze bati aurre egitera.
SELEKZIOAREKIN
Brizuelaren eta Sanzen une onak, saria izan du selekzioarekin. Chus Mateok Darío deitu du, 2027ko Qatarko Mundialerako sailkapen-leihorako, eta Mikel taldeko kontzentraziora gonbidatu du. Kontzentrazioa azaroaren 23an hasiko da Guadalajaran, bi partida erabakigarri prestatzeko: Montenegroren aurka, 26an Podgorican, eta Greziaren aurka, 29an Santiago de Compostelan. Eason hazitako bi jokalarik selekzio nagusiarekin partekatuko dute kontzentrazioa.
EMAKUMEZKOEN HARROBIA ERE BAI
Hiru izen horiek ikusgarritasuna ematen diote Easo Basketek astero egiten duen lanari, Eskolatik hasi eta federatutako taldeetaraino. Lan horrek emakumezkoen harrobian ere eman du fruitua: 2023an 3×3ko U17 kluben Espainiako Txapelketa irabazi zuen, eta klubean hazitako jokalariak gaur egun goi mailan lehiatzen dira. María Eraunzetamurgilek eta Lara Gonzálezek Mirai Euskotrenen elastikoa defendatzen dute denboraldi honetan Liga Femenina Endesan, jokatzen hasi ziren tokitik metro batzutara. Eraunzetamurgil, 2018an Espainiarekin 20 urtez azpiko Europako txapeldun eta selekzio nagusiko nazioarteko jokalaria, 2025ean itzuli zen Donostiara, Lugo, Estudiantes eta Valencia Basketetik igaro ondoren. Lara González, bestalde, Ibaetako taldearen erreferenteetako bat da oraindik ere, eta joan den udaberrian berritu zuen donostiako taldearekin. Jokatzen irakasten dutenek, harmailatik animatzen dutenek eta ikasten jarraitzeko arratsaldero pabiloira itzultzen direnek partekatzen duten lana da.
Gaur egun Eason entrenatzen duten neska-mutilentzat, Darío Bartzelonan eta selekzioarekin, Mikel Lleidan eta Espainiaren kontzentrazioan, Xabi Palman kapitain gisa eta María eta Lara Ibaetan ikusteak esanahi berezia du. Guztiak igaro ziren gaur egun lehen urratsak ematen ari diren harrobi beretik.
AUPA EASO!
#EasoBasket #EasoHarrobia #Donostia #FormazioSaskibaloia

